Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko udalen
zinegotziek osatzen dute Txorierriko Mankomunitatea. Herri bakoitzak, biztanleen kopuruaren arabera, ordezkari kopuru bat du eta hauteskundeetan izandako boto kopurua kontuan hartuz eta Ley de D’Hondt aplikatuz erabakitzen da herri bakoitzetik zein zinegotzi izango diren ordezkari Manomunitatean. Larrabetzuri 3 ordezkari dagozkio: Asun Gaztelu eta Ixabel Etxebarria BILDUren partetik eta Maria Luisa Mezo EAJ-PNVren partetik.

24 ordezkari dira denera. 2011ko emaitzen arabera ondorengo kopuruetan banatuta:

15 EAJ, 8 Bildu, 1 PSOE.

Txorierriko Mankomunitateko Bilduko ordezkari berriak lanean daude uda ostetik, bakoitzak dagokion batzordean.

Hiru batzorde informatibo daude: Gizarte Ongizatea, Euskara eta Kultura, eta Ogasuna.

Azken batzorde honetan, Ogasunean, 2012rako aurrekontuak lantzen ibili dira. Hainbat proposamen luzatu ostean eta hauek kontuan hartzeko borondate falta ikusita, Mankomunitateko oraingo arduradunen partetik (EAJ-PNV), 2012ko aurrekontuak ez babestea eta ezezko botoa ematea erabaki du Bilduk.

Hona hemen 2011ko abenduaren 26an, Mankomunitateko Osoko Bilkuran, BILDUk eman zuen ezezko botoaren azalpena:

2012rako Mankomunitatearen aurrekontuak krisi ekonomiko baten erdian.
Bizi dugun krisiaren ondorioz, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa bortizki hondatu da, eta aurreikuspen guztien arabera, larriagotu egingo da.
Toki erakundeetara bideratzen den zerga bidez jasotakoaren zatia gero eta txikiagoa da. Nahiz eta udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izan, horien finantziazioa ez da nahikoa izan eta orain egoera kaskartu baino ez da egin. Beharrizanak,aldiz, ez dira txikiagotu.
Ez ditugu gure udalak baliabiderik gabe ikusi nahi. Baina horren konponbidea ere ez da, herritar guztiongan oraindik ere karga fiskal handiagoa sortzea. Oreka mantentzera behartuta gaude. Diru sarrerak lortzeko garaian, gehien dutenek gutxien dutenen aldeko esfortzua egin beharko lukete. Gure ustez, Ondasunen gaineko zerga berriro ezarri eta Elkarteen gaineko zerga berrikusi beharko litzateke.
Krisi garai honetan, beraz, eta ondasunak hobeto banatu artean, asmatu egin behar dugu gastuak neurtzen, eta gehien behar dutenei aukerak bideratzen. Garbi dago gastuak gutxitzeko garaian gaudela.
Gauzak horrela, Bildu taldeko ordezkariok, Txorierriko Mankomunitatearen 2012ko Aurrekontuen Proiektuari ezezkoa ematen diogu hurrengo arrazoaiengatik:
1. Udalentzat, Mankomunitatearen edozein egituratan hartzen diren erabakien inguruko informazioa eguneratua izatea funtsezkoa bada, zeresanik ez aurrekontuen gaian. Urtero Mankomunitateak egiten duen aurrekontu proposamena eta berorren finantziazioa ezagutzea ezinbestekoa da, txorierriko udalbatza bakoitzak horren inguruan bere iritzia ematea bermatuta gera dadin. Eskatzen dugu datorren urteko aurrekontuak lantzeko garaian datu horiek eskura izatea.
2. Aurtengo aurrekontuei buruz emandako informazioa ez da nahikoa azterketa serioa egiteko eta ondorioak ateratzeko. Ez dago jarduera bakoitzaren zehaztasunik; horrek ezinezkoa egiten du partida bakoitzari atxiki zaion diru kantitatea baloratzea. Kasurako, Etxez etxeko laguntza zerbitzua: partida honi atxikitako dirua iazkoaren berdin-berdina da, nahiz eta sumatzen dugun, populazioaren bilakaera ikusita, beharrizanak handiagoak izan beharko liratekeela. Ildo horretatik, datorren urterako zerbitzuek egin beharreko txostenak eskura edukitzea eskatzen dugu
3. Mankomunitateko aurrekontuak herrietan lantzen ari diren aurrekontuekin bat etorri behar du. Aurrekontu osoaren igoerak ezin izango luke %3ko zifra gainditu., KPIren urte-arteko igoera horixe baita.

4. Gerentearen figurari dagokion soldatari (61257,28 euro) neurrigabea deritzogu, are gehiago ez dakigunean zeintzuk diren bere funtzioak. Uste dugu badagoela erabaki politikoak nork hartu eta badaudela nahikoa tekniko beharrizanak aztertzeko eta ekintzak bideratzeko. Horregatik FIGURA HORI DESAGERRARAZTEA eskatzen DUGU.

Horrez gain, salatu nahi dugu gerentea aukeratzeko modua ez dela zilegi; izan ere, ez dago deialdi publikorik lanpostura heltzeko.

5. Aurrekontuak diseinatzeko garaian kontuan hartu behar dugu, gure ustez, LANGILE GUZTIAK KONTRATAZIO ZUZENEKOAK izan behar direla, ez azpikontratatuak. Horrela, langileek baldintza hobeetan egingo baitute lan.. Mankomunitateak etengabe erabiltzen du azpikontratazioa bere zerbitzuetan, horren adibide garbia da Eskuartze komunitarioan egin den azken kontratua, non zerbitzua emateko enpresa bat kontratatu den,eta lanpostu bat desagerrarazi duten.
Kontratazioetan, ahalegin berezia egin beharko litzateke Txorierriko herritarrak izan daitezen kontratatuak, gizonen eta emakumeen arteko orekari eutsiz.

6. Mankomunitateko batzordeetan eta osoko bilkuretan parte hartzeagatik, ZINEGOTZIEK JASOTZEN DUTEN KANTITATEA MURRIZTEA eskatzen dugu, eta 30 eurokoa izatea, batzordeetakoa zein Osoko Bilkuretakoa; dieta gisa diru kantitate duina dela uste dugu.

7. 2011ko aurrekontuetako gasturik handiena hondakinen kudeaketari dagokiona da, inondik ere. Ahalegin berezia egin beharko litzateke gastu hori murrizteko, eta inguruarekiko eredu sostengarriagoa bilatzeko. Euskal Herrian bertan badira beste eredu batzuk aztertzea mereziko luketenak.Hortaz, HONDAKINEN KUDEAKETA BERRI BATERAKO URRATSAK EMATEA eskatzen dugu.

8. Emakumeen kontrako indarkeria egoeretarako protokolo falta dugu Txorierrin. Nahiz eta Mankomunitateko arduradunek pentsatu Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua nahikoa dela, argi dago ez dela horrela. Zerbitzu horren beharrean dauden emakumeek hurbileko eta berehalako arreta behar dute. Horregatik, ARESTIAN AIPATUTAKO HUTSUNEA, BETE ARTEAN, Aholkularitza juridikoaren zerbitzua eskatzen dugu
Horraino gure arrazoiak 2012ko aurrekontuei ezezkoa emateko. Baina, horrez gain, BADIRA beste puntu BI aipatu beharrekoak.
Batetik, esan behar dugu euskarari ez zaiola eman dagokion lekua 2012ko aurrekontuetan. Espero dugu 2013ko aurrekontuak lantzerako arazo hori konponduta egotea.
Bestetik, berdintasun planaren proiektua ezagutu ez arren, eta horretarako destinatutako partida zenbatekoa den jakin ez arren, egin egingo dela esan zaigunez, 2012an zehar horren zehaztapena ezagutzea espero dugu.
Adierazitako guztiarengatik BILDUko ordezkariok ezezkoa ematen diogu Mankomunitateko 2012ko aurrekontuei.