“Gizarte murrizketa basatiak onartzen ez dituen gehiengoa osatzen omen dugunez,  udal gobernuari aurrekontuen gaian gidaritza politikoa kendu diezaiokegu”, esan du Fernandez de Pinedok

 

Gasteiz, 2012ko otsailaren 22a. Bildu Gasteizek oposizioko beste bi taldeei (EAJ eta PSE) proposatu die Marotoren gobernuak udalerrirako aurreikusitako inbertsioei buruzko eztabaidan ez sartzeko, harik-eta gobernuarekin gizarte murrizketak negoziatzeko aukera egon arte. Kike Fernandez de Pinedok azaldu duenez “PP gutxiengoan dago aurrekontuan jasotako murrizketa onartezinak errefusatzen omen dituen oposizioaren aurrean, beraz, beste bi taldeei proposatzen diegu gobernuari presioa egitea, zuzenketak egin ahal izateko aukera berreskuratzearren”.  

Bestetik, Bilduk etziko udalbatzan plazaratuko dituen bi mozio aurkeztu ditu. Lehenak helburu dauka “lapurtutako umeen” arazo dramatikoan Udala inplikaraztea, Gasteizen ere badaukalako eragina. Hiru punturen bidez, koalizioak eskatzen du Udalak eragindakoekiko elkartasuna adierazi dezala, beharrezko baliabide eskuragarri guztiak (esaterako, hilerrietako dokumentazioa) eskaintzeko konpromiso aktiboa har dezala irekita dauden auziei begira eta gertakizun horiek salatzen eta argitzen lagundu dezala. Bigarren mozioak udal instalakuntzetako igerilekuetako ur edangarriaren arrazoizko erabilera eskatzen du. Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak esan duenez, “gizarte-etxeetako igerilekuak betetzeko erabiltzen diren bost milioi litroren % 5 egunero alferrikaldu egiten da, hots, 250.000 litro egunean”. Horren ondorioz, Bilduk zera proposatzen du “Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diezaiola portzentaje hori murrizteko, ura aurreztearren. Oso ondo deritzogu Maroto alkateak atzo iragartzeari energia aurrezteko neurriei Salburuko gizarte-etxe berriaren baldintza orrian garrantzi handia emango zaiela, baina dagoeneko lanean hasi gaitezke egungo instalakuntzetako kontsumo arduratsua sustatzen”, gehitu du Lopez de Aberasturik.