Aurrekontu partehartzaileak osatzeko prozesuak ari dira pixkanaka beren ibilbidea egiten herriz herri. Hemen ere aukera izan dugu jada Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat adibide ezagutzeko; oraingoan Bizkaia aldera jo dugu aurrekontu partehartzaileei buruzko esperientzia berri baten bila, Sopelara hain zuzen ere.

Sopelan, herriko auzo nagusienetan batzarrak egiteaz gain, inkesta bat banatu dute etxez etxe, herritarrek gai edo esparru bakoitzari zenbaterainoko garrantzia ematen dioten jakiteko asmoz. 400 pertsona inguruk bete dute inkesta hori eta ia 200 lagun hurbildu dira batzarretara; honi guztiari buruz hitz egiteko Sopelako alkatearekin elkartu gara, hona hemen Saioa Villanueva alkateari egindako elkarrizketa laburra:

1.- Nola garatu duzue prozesu partehartzaile hau?

Lehenengo, pentsatu egin genuen ea zer zen egin nahi genuena, genuen denbora laburra kontuan hartuta. Azkenean lantalde handi bat osatu eta inkesta bat garatzea erabaki genuen, lau azpitaldetan banatuta zegoen inkesta bat garatzea. Bestalde, batzar ezberdinak egitea auzoetan. Sopelan lau auzo nagusi ditugu, eta auzo guztietan batzar bat egin genuen, jende nahikok parte hartu du, 170 pertsona inguruk. Gero, inkestak etxe guztietan zehar banatu ditugu eta inkesta horiek bete ondoren jendeak postontzi batzuetan bota behar zituen, herriko tabernetan, lokaletan edo beste edifizioetan. Printzipioz hori izan da. Horrek gutxi gora behera hiru aste iraun ditu eta gero emaitzak batu ditugu, emaitza guztiak aztertu eta, ondoren, azkenik, gaurko batzarra egin dugu; batzar horretan emaitza guztiak eta proiektu nagusiak azaldu ditugu.

2.- Nolako emaitza jaso duzue?

Lehenengo aldia izateko, eta horren denbora laburra izan dugunez, nire ustez emaitza positiboa da. Partehartze prozesuak gizartean normalean ez dira ematen, jendea ez dago ohituta horretara, oraindik ere administrazioa eta udalak nahiko urruneko enteak dira, ez? Orduan, oso positiboki. 400 pertsona inguruk hartu dute parte, eta datu asko lortu ditugu horrela. 400 pertsona inkestetan eta gero, batzarretan, esan dizuedana, 200 pertsona inguru, ez? Beraz, pozik gaude.

3.- Zergatik da garrantzitsua prozesu partehartzailea?

Normalean, eta orain arte bizi izan dudanagatik behintzat, jendea udaletxeetara hurbiltzen da kexaka edo gustatzen ez zaiona kontatzera, ezta? Eta guzti horrek prebentzioa ere badauka, guzti hori jendearekin batera erabaki eta egiten bada lehenago, horrek ondorengo pausu guztiak ekiditen ditu. Nire ustez azkenean herriaren kudeaketa eta herria bera sortzea ezinezkoa da herriak berak prozesu osoan parte hartzen ez badu. Azkenean helburua bera, zerbait egin nahi baduzu, helburua bera bidea bihurtu behar dugu. Helburua bidea izanda, ondoren askoz ere osatuagoa eta ospatuagoa izango da. Beraz, hori da arrazoi nagusiena.

4.- Bildutako emaitzen ostean , zeintzuk izango dira aurrekontuen ildo nagusiak?

Aurrekontuetako ildo nagusiak hainbat arlotan banatuko genituzke. Batetik, orain normala den bezala, batez ere krisia dela-eta, kezka nagusia lana eta ongizatea da. Horren inguruan hainbat proposamen bota dizkigute, eskakizunak egon dira gauzak aurrera eramateko. Beraz, hor indarra egin beharko dugu Behargintzarekin batera, edo gure aldetik… Gero, kultura, hezkuntza eta kirol arloa dugu. Sopela nahiko herri gaztea da, izatez, inkestak bete dituzten pertsonen adinaren media 42 urtekoa da; beraz, herri gaztea da eta zentzu horretan hainbat ekintza-eta eskatzen dizkigute. Bestalde, azpiegiturak-eta daude, zer motatako azpiegiturak nahi dituzten, zer arazo puntual dituzten plaza ezberdinekin edo trafikoarekin edo bere auzoko arazorik gertuenekin. Eta horretara bideratu izan dugu azkenean konponbide guztia.