Azken aste hauetan ezagutzen ari gara Espainiako gobernuaren ordezkarien ahotik alor publikoan PPren gobernuak inposatu nahi duen politikaren ardatz nagusiak.

Murrizketa politika bat, udaletako arduradun bezala, eta eremu horretako Euskal Herriko lehen indar politiko bezala, eragina zuzena izango duena gugan. Gaurko agerraldi honekin neurri hauen inguruan gure lehenengo irakurketa eta Bildutik guzti honi aurre egiteko dugun asmoa jarri nahi ditugu mahai gainean.

Rajoy jaunak zuzentzen duen gobernuak helburu argi bat dauka: zor publikoari aurre egiteko beharraren aitxakiarekin, beti ere zor hori erosten duen eremu finantzieroaren onuran, gizartearen klase ertainen eta behar haundien dutenen zergak igo eta alor publikoa desegin.

Orain planteatzen diren neurrien atzetik dauden asmoak ez dira berriak. Euskal Herrian aspalditik ari gara ikusten eremu publikoaren alor ezberdinetan bultzatu diren aldaketak, eskaintzak eta zerbitzuak pribatizatuz eta kanporatuz. Ildo horretan sakonduz, pribatizazio prozesuak azkartu nahi dituzte, eta horrekin batera lan harremanak liberalizatu, lan baldintzak kaltetu, hiritarren diruarekin finantzen alorra aberastu eta administrazioaren erabakiguneak zentralizazioa bultzatu. Azken finean, Rajoyk zuzentzen duen gobernuaren asmoa erabakigunea Madrilen kokatzen duen eredu berri bat inposatu nahi du, gure menpekotasun politiko eta ekonomikoa haundituz.

Esan dugun bezala, zor publikoaren murrizketaren aitxakiarekin, ustezko aurrezki neurri horiek bestelako ondorioak dituzte, sakonagoak, gainetik ikusten dena baino larriagoak. Politika honekin lortu nahi dena, azken finean, praktikan alor eta zerbitzu publikoak suntsitzeko urrats berriak ematea da.

Sektore publikoa erreformatzeko bestelako neurrien artean, “tasa de reposición” delakoaren gelditzea iragartzen zaigu. Horrek, jubilazioagatik funtzionarioek uzten dituzten lanpostuak es direla beteko esan nahi du. Ondorioz, langileak jubilatzen diren neurrian, udalek langile gutxiago izango dute edozein udalerritan egin eta eskaini behar diren lanak eta zerbitzuak emateko. Beraz, lan baldintzak alde batetik eta zerbitzuen kalitatea bestetik, ertagin eta kalte zuzena jasango dute.

Honeri Enplegu Eskaintza Publikoa izoztuko dela gehitzen badiogu, ondorioak oso larriak izando dira .

Lehen azaldutako neurrien beste ondorio nabarmen bat pribatizazioaren eremuan dago: aukera berriak zabaltzen direla zerbitzu publikoak esku pribatuetara pasatu behar direla esaten dutenentzako, liberalizazioa defendatzen dutenentzako eta horrekin aberasten direnentzako.

Guzti honen ondorioz zerbitzu publikoen kalitatea galduko da, pribatizazio eta prekarietatea areagotuko dira, eta horrekin batera urtetan zehar borrokaz, lanaz eta esfortzuz lortutako eskubide eta lan hobekuntza guztiak galduko dira. Eraberean, babes soziala bermatzeko bitartekoak, neurriak eta politikak ere kaltetuak aterako dira.

Horrela, krisia aitxaki ezin hobea eta iraunkorra bihurtu dute eredu neoliberala inposatzeko, gizarteari egoerari aurre egiteko bestelako irtenbiderik edo alternatibarik ez dagoela sinistarazten.

Guzti horren aurrean, Bildutik bestelako proposamen eta planteamendu mahai gainean jartzeko unea dela uste dugu. Eta proposamen horren oinarrian gutxienezko elementu batzuk definitu behar dira: lanpostuen defentsa, beheko mailako langileen eros-ahalmenaren berma, berdintasun politikak bultzatzea eta garatzea, eta horrekin batera euskara, heziketa eta zerbitzuen kalitatea bultzatzeko inbertsioak.

Norabide horretan, eta aipatutako edukien arabera, Bilduk eragile sozial, politiko eta sindikalekin konpartitu nahi du bere proposamena, eztabaidarako aportazio bezala, baina baita ere alor eta zerbitzu publikoak defendatzeko lan tresna bezala. Horregatik ere, aipatutako proposamena gure udaletara eramango dugu, bestelako eragileen aportazioak ere kontuan hartuz, eta proposamena ahal den neurrian praktikan garatzeko.

Beraz, eta esan dugunaren ildoa jarraituz, hurrengo egunotan Bilduk mozio bat aurkeztuko du Euskal Herriko udaletxeetan, Madriletik inposatu nahi dituzten neurri neoliberalen aurrean, alor eta zerbitzu publikoen defentsan.

Horrekin batera, dei egiten diegu eragile ezberdinei eta gizarteari, ildo beretik erasoari aurre egiteko.