Atzo, espero ez genuen berria jaso genuen Kutxabank osatzeko lehen batzarraren ostean: banketxe berriaren administrazio kontseilua EAJren eta PPren eskuetan geldituko da. Bizkaiko BILDUn ez gaude ados osaketa horrekin; izan ere, administrazio kontseilu horrek ez du islatzen gizarte honen aniztasuna. Argi gelditu da, EAJk gizartearen ordezkaritza erakunde guztietara eraman baino gurago duela boterearen kontrol osoa izan.

EAJ prest dago edonorekin edozer adosteko bere botere kuota mantentzearren, baita horretarako ama saldu behar badu ere. Maiatzeko Udal eta Foru hauteskundeetako emaitzari begiratu beharrean, euren poltsikoei begiratu die orain ere, eta PPrekin bat egin dute pastela bien artean banatzeko. Ez da alderdi biek bat egiten duten lehenengo aldia, gainera. Ez dezagun ahaztu, Bizkaiko aurrekontuak ere, EAJren eta PPren arteko akordio bidez onartu direla.
Kutxabankeko administrazio kontseilua osatzeko EAJren lehen irizpidea hauxe izan zen: EAJk 10 ordezkari, Bilduk 4, PSE-EEk 3 eta PPk 3. Maiatzeko hauteskundeetako emaitzari begiratuta, ordea, hauxe litzateke banaketa proportzionala: EAJk 7 ordezkari, Bilduk 6, PSE-EEk 4 eta PPk 3. Azkenean, EAJk lepoa eman die herriaren nahiei zein beste alderdiei, eta eskuin espainiarrarekin bat egin du berriro ere.

Badakigu EAJ ohituta egon dela urte askotan instituzioak eta erakundeak bakarrik eta bere erara kudeatzen. Hala ere, sasoiak aldatu egin dira, eta Kutxabankeko estatutuen kontra, administrazio kontseiluko kide kopurua 15era jaistea lotsagarria da. Bizkaiko egoera politiko eta soziala ez islatzeaz gain, ez da serioa bizi dugun krisi egoeran alderdiaren interesak herriaren interesen gainetik jartzea. Penagarria da erakundeak interes partidisten morroi izatea herritarrek euren arazoentzat konponbiderik ez dutenean.

Nabarmena da EAJk eta PPk antzerako jokoa darabiltela gobernatzen dituzten lekuetan. Bizkaian aukera bi izan ditu EAJk Bildu Batzar Nagusietako mahaian dagokion lekuan jartzeko, eta bietan baztertu gaitu. PPk ostera, arau demokratiko guztiak moldatu ditu bere irakurketen arabera, Amaiur talde parlamentariorik gabe uzteko. Badirudi, bai Bilduk eta bai Amaiurrek lortu duten indar metaketari beldur handia diola eskuinak Euskal Herrian zein Espainian.

BILDUren iritziz, onartezina da EAJ eta PPren jarrera. Gure partetik ahalegin handia egin dugu Kutxen bateratzean ahalik eta adostasun handiena lortzeko, eta banketxe bihurtu arren, kutxaren espiritu soziala mantentzeko. Ahalegin hori guztia bertan behera utzi dute erakunde berriaren lehenengo batzarrean. Batzuentzat antza, boterearen kontrola dago beste guztiok gauzak hobetzeko egiten dugun ahaleginaren gainetik. Edozelan ere, jarrera hori mantentzen duten artean, BILDU aurrez aurre izango dute.

EAJren joko zikina bistan gelditu da BBKren batzar nagusia berriztatzerakoan ere. Bizkaiko Udal guztiek, zonaldeka banatuta, kontseilari berriak izendatzeko hautes elkarteak bozkatu dituzte egunotan, baina EAJk herri askotan ez du plenorik deitu, edo ez du puntu hori osoko bilkuretan sartu. Horrela, alkatetzan egon arren, gehiengo osorik ez duen lekuetan, albora begiratu du berak gura ez duen emaitzarik eta kontseilaririk atera ez dadin.

Antza denez, EAJrentzat Sabin Etxea eta Bizkaia gauza bera dira. Bilduko batzarkide taldea Batzar Nagusietako mahaitik kanpo utzi du bi aldiz Bizkaiko bigarren indarra izan arren, eta orain, BBKko administrazio kontseilutik eta Kutxabankekotik ere kanpo utzi nahi du. Ez dakigu EAJ zeren beldur den, baina susmoa daukagu, boterearen kontrola ez duela inondik inora ere galdu nahi, eta aukera berrietara egokitzea baino nahiago duela errezeta zaharrei eustea.