Errigoitiko BILDUk kereila kriminala aurkeztu du Gernikako lehen auzialdiko eta instruzioko epaitegian, Iñaki Madariaga Otazua  Errigoitiko alkatearen aurka. Horrela, hauteskunde delitua egin izana leporatzen diote alkateari, akusazioa frogatzeko dokumentazio guztia aurkeztu delarik.

Errigoitin bizi ez den, eta nola edo hala alkatearekin edo EAJ-PNVko beste ordezkariekin harremana duen pertsona asko bertan erroldatuta dago, eta beraz, herrian eman zuten bere bozka, 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan.Hori izan da kereila aurkezteko arrazoi nagusia, izan ere, lortutako dokumentazioaren arabera, 32 pertsona egoera horretan erroldaturik  daude. Eskandalagarriak dira aurkitutako datuak: horietako batzuk alkatea beraren etxean erroldaturik daude, beste batzuk gaur egun eraitsita dauden etxeetan, badira  hirugarrenei alokatutako etxeetan bizi omen direnak, edota EAJko egungo zinegotzien senitartekoak direnak. Kereilariek jakin izan dute erroldatze hauetako batzuk burutu dituzten pertsonak, alkateari botoa ematearren, lanpostu eta etxebizitzen baimenak lortzeko erraztasunak izan dituztela.

32 pertsona hauen errolda irregularrak, Errigoiti bezelako herri txiki baten panorama politikoa guztiz eraldatzen dute, eta erabakiorrak izan dira udal hauteskundeetan. Udalaren osoko bilkura osotzerakoan, EAJ-PNVk 4. hautetsia 5 botoko aldeagatik lortu baitu. Errigoitin EAJ-PNVk 198 boto atera zituen, BILDUk 138 eta SOS ERRIGOITIk 82.

Beste delitu batzuk ere salatu ditu BILDUk;  Iñaki Madariaga jauna, kereilatua, hauteskundeen egun osoan zehar bere auto partikularrean ibili zen herritarrak hauteskunde mahaietara hurbiltzen eta bozkak banatzen, baita hauteskunde eskola aurrean ere. Egitate hauek guztiak Ertzaintzak berak jaso zituen hauteskunde egunean egin txostenean.

Errigoitiko BILDUko ordezkariak, jasotako zentsoa aztertu, eta egoeraren berri jakin bezain laster saiatu ziren hauteskundeak inpugnatzen, baina epez kanpo zeudela eta, ezin izan zuten inpugnazioa gauzatu. Izan ere, hauteskunde zentsoa, Espainiako auzitegietan Bilduren aurka abian zen prozesu juridikoa dela eta berandu jaso zuten. Orain, kereila kriminalarekin batera, salatutakoa frogatzeko beharrezko dokumentu guztiak aurkeztu dituzte.

Gainera, ez da Iñaki Madariaga Otazua  Errigoitiko alkatea auzitara doan lehenengo aldia. Bere agintaldia irregulartasunez beterik egon da, eta hala frogatzen dute Madariagaren aurka herritarrek egindako salaketek; aldi oro ditu prozedurak zabalik, eta behin baino gehiagotan harrokeria handiz herritarrei oldartu zaie, besteak beste, herritar bat harrapatu zuen bere ibilgailuarekin.

Nahiz eta, alkatearen jokaera betidanik nagusikerian, ilegaltasunean eta iruzurrean oinarritu den, EAJk ez du inoiz bere jarreraren aurkako neurririk hartu. Madariaga jaunaren jokabidearen aurreran alderdiak ez badu inolako neurririk berehalakoan hartzen, alderdi osoa da Madariagaren ilegaltasunen, iruzurren eta delituen konplize.