Bilboko Udaleko Bildu Udal Taldeak hurrengo osteguneko udalbatzarrerako mozio bat aurkeztu du hildakoak suertatzen dituen lan istripu bat Bilbon gertatzen den bakoitzean, edota lan istripu baten ondorioz hildakoa Bilbokoa den bakoitzean, Udal protokolo bat abian jartzeko aztertuko duen komisio bat sortzea eskatuz.

“Udalbatza berria sortu denetik Bilboko hiru langile zendu dira lan istripuen ondorioz” salatu du Bilduko zinegotzia den Helena Gartziak.

“Indarkeria sexistari aurre egiteko gertatzen den bezala, instituzioek jarrera aktibo bat beregain hartu eta lan ezbehar kopuruen kontrako borroka liderra izan behar dute. Hori dela eta, protokolo bat martxan jartzea eskatzen dugu” adierazi du.

Gartziak gogora ekarri du iraileko udalbatzarrean EAJk ezezkoa eman ziola Bilduk aurkeztu zuen protokolo proposamenari. Zentzu horretan, “protokoloa jartzeko aztertuko duen komisio baten sorrera gutxieneko proposamen bat” dela esan du eta Bilduk mozio hau behin eta berriz aurkeztuko duela “EAJk Bilboko langileen osasuna eta lan-segurtasunarekin eta protokoloaren eratzearekin konprometitu arte” iragarri du.