Alde Zaharra Bilbotar guztiontzako topaleku izan ohi da, aitzitik, Alde Zaharra berezko auzoa da ere, auzo bat hiriaren erdian. Ideia hori sumatu zuten lehengo astean Aitziber Ibaibarriaga eta Ana Etxarte Bilduko zinegotziek “Auzo Bira” errondaren baitan egindako geltokian.

Ildo honetan aritu ziren bertaratutako auzokideek, “Alde Zaharra, denetarik daukan auzoa da: komertzioa, tabernak, zerbitzuak,.. aldiz, auzotarrentzako eskaintza hutsala da, ez dago ekipamendu kulturalik, kirola egiteko tokirik,..” adierazi zuten. “La Bolsa Udaltegia gainezka dago beti, Bilboko Udaltegia da auzokoa baino”. Inork ez daki Erriberako Merkatuari erreformaren ostean emango zaion erabilera, hori dela eta, prozesu parte hartzaile bat abiatzea proposatu zuten, Alde Zaharrak berak eztabaidatu dezan zein izan beharko litzatekeen haren etorkizuna.

Merkatuaren ereduaren birmoldaketak ere kezka handia sortzen du bertakoen artean. “betiko dendak” ateak ixtera kondenaturik dauden bitartean, gero eta lokal gehiago ari dira “frankizia eta multinazionalekin” okupatzen. Ondorioz, “kontsumora bideratutako jendartea eraikitzen ari dira, auzotartasun harreman hurbilei ezer onik egiten ez dien bitartean”.

Mapa eskolarraren birbanaketaren beharraz ere aritu ziren, Ibaiondoko barruti osora hedatutako arazoa hau.